Gotzainaren jardueraren 6. urtean

EUTSI BERRITUZ  Gipuzkoako kristau taldeak
Gotzainaren jardueraren 6. urtean

Eutsi Berrituz kristau-taldeak beste behin elizbarrutiko eliztarrei eta gipuzkoar guztiei bere iritzia adierazi nahi die elizbarrutiaren egoeraz eta D. Jose Ignacio Munilla gotzainaren jarduera larrien edo oihartzun handiena izan dutenaz. Ez gaudela eliztar guztiak ados gure gotzainak esan eta egiten duen guztiarekin. Gipuzkoako Eliza anitza dela. Uste dugula zenbait jokaeraren aurrean isilik gelditzeak Elizaren irudi okerra indartzen lagun dezakeela gizartean. Gu ere Eliza garela aldarrikatuz bide batez.

AGIRIA PDFan

 Sarrera.

 Orain dela urte bete inguru, D. Jose Ignacio Munilla gure elizbarrutira gotzain etorri zela bost urte betetzen zirela eta, idatzi bat argitaratu zuen Eutsi Berrituz kristau-taldeak bere haren jarduerari buruzko iritziak azalduz. Orain, urte bete geroago, orduko iritziak ez ditugu errepikatuko, nahiz eta baliokoak izan oraindik, baina bai zer pentsatzen dugun adierazi, berriz ere, urte bete honetan  berak esandako eta egindakoei buruz.

Izan ere, elizbarrutiko eliztarrei gure iritzien berri eman nahi diegu eta gipuzkoar guztiei adierazi ez gaudela eliztar guztiak gure gotzainak esan eta egiten duen guztiarekin ados. Gipuzkoako Eliza anitza dela eta gotzainarena ez dela elizbarrutiko hitz bakarra eta eztabaidatu ezina. Kontuan hartu dugu, baita ere, zenbait jokaeraren aurrean isilik gelditzeak Elizaren irudi okerra indartzen eta zabaltzen lagun dezakeela gizartean. Gainera, gotzainaren esanak eta jokaerak publiko egiten dira, ez dira Eliza barnean gelditzen. Eta gu ere Eliza garela aldarrikatu nahi dugu bide batez.

Ez ditugu elizbarrutiko gertaera guztiak aipatuko, larrienak edo oihartzun handiena izan dutenak soilik.

1.  Gotzainaren irakatsi eta iritzi publiko batzuei buruz.

a) 2015eko abuztuaren 15ean Donostiako Santa Maria elizan egin zuen homilian genero ideologiari buruz esandakoaz gure iritzia argitaratu genuen bere egunean, ez dugu, beraz, hemen errepikatuko.

b) Familia Sinodoaren inguruan.

Familiaren Sinodoaren azken dokumentuko gai arazotsuenei buruz (aitatasun arduratsua, banatu eta berriz ezkonduen jaunartzea, homosexualitatea) gotzainak Radio Marian esandakoaz, gure iritzia hau da: presaka egindako interpretazioa izan zela berak egindakoa; irakurketa pertsonala eta okerra egin zuela, beraz, ondorio okerretara iritsi zela; komunikabideek egiten dituzten manipulazioak gogor salatu ondoren, manipulazioan erori zela bera ere; borondate oneko eliztar askoren kontzientzietako ekaitzak argitzea eta baretzea baino gehiago, ezer ez dela aldatu, arrazoi izaten jarraitzen dutela berak eta berak bezala pentsatzen dutenak presaka esatea izan zuela helburu.

 Banatu eta berriz ezkonduek jaunartzea ezinezko dela esan zuen, ateak erabat itxiz. Aita santuak idazteko duen exhortazioan zer esaten duen zain geldituko gara, baina gure gotzainak arinkeriaz jokatu zuela uste dugu.

 Hori baino zuhurtasun handiagoa behar luke fede eta moral gaietan elizbarrutiko argi eta maisu izateko ardura duen gotzainak. Badirudi ez duela eliztar askok bizi duten sufrimenduaren berri. Non da hor errukia? Dotrina eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodea dira lehentasuna dutenak dirudienez, gero ahal bada errukia. Aita santuak esan du berriz ere, Errukiaren Urte Santuaren hasierako ate irekitze ondorengo audientzian: “Ez dago ezer Jaungoikoaren errukiak baino lehentasun handiagoa duenik”.

 Nork esan dio gure gotzainari gai horretan aldaketak ezinezkoak direla? Hori hain garbia balitz Elizarentzat (Eliza osoarentzat edo gehiengoarentzat) ez zegoen Sinodoaren beharrik.

 Bestalde, heterodoxia susmopean ez dauden eliz agintari batzuek jarrera irekiagoa azaldu dute Sinodoaren ondorioen dokumentua irakurri ondoren. Oker daude, nonbait, gure gotzainaren ustez.

 Borondate oneko pertsona asko dago Familiaren Sinodotik bere kontzientzia baketzeko moduko zerbait ateratzeko zain eta zerbait irekitzen hasiko ote delakoaren  itxaropena dute. Baina batzuk ate hori berehala itxi nahian, zirrikiturik txikiena ere estaliko lukete. Norbaitzuk irekiera jarrera ezin dutela eraman dirudi. Askori ez zaie batere axola Sinodoak esandakoa, ezta D. Jose Ignacio Munillak zer esaten duen ere, baina gutako askori min ematen dio horrelako jarrera itxiak.

 Errurik gabe egoera zailak bizitzen ari direnek merezi dute errukia, era horretako jarreretan ageri ez den errukia.

 Frantziskok: “Zein itsusia den eta zenbat kalte egiten duen Elizako emakume nahiz gizon baten zorroztasunak, itxaropenik sortzen ez duen Elizaren zurruntasunak”

Radio Mariako hitzaldi horretan bertan gotzain batzuen aurkako –Alemaniako batzuen aurkako batez ere– salaketa gogorra egin zuen, Elizaren irakaspenetan zerbait aldatzeko saiakeran ahalegintzeagatik. Ezer aldatzea ezinezkoa balitz bezala. Dena hain garbi balego, zertarako egin da Sinodoa? Zertarako eliztar guztiei bi galdeketa? Denak oker ote daude? Edo denak Elizaren etsaiak ote dira? Aita santua bera ere bai?  Gotzain jaunak, Elizaren Dotrina eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodeaz gain, Eliza maite duten eta Ebanjelioan sinesten duten teologo ospetsu eta moralista askoren iritziak ere entzun beharko lituzke.

Badirudi norberaren egiaren gazteluan zirrikiturik edo pitzadurarik txikiena ere ez dela onartu nahi. Besteen heldutasunean ez dela sinesten dirudi. Haurtzat  tratatu nahi gaituztela.

c) Egoera sozio-politikoaren inguruan.

Parisko atentatu izugarriaren ondoren, berriz ere korrika eta presaka atera zen, artean gertatua argitzeko zegoelarik, errefuxiatuak Europara etortzea susmopean jartzeagatik hain kritikatua izan zen Cañizares kardinala defendatzera, haren argudioak defendatzera, jasotako kritikak proportziotik kanpokoan izan zirela argudiatuz.

Mintzaldi horretan bertan, beste gauza batzuen artean, Europak etorkinak eta errefuxiatuak  onartzeko duen beharra eta obligazio humanitario eta morala aitortu arren, mendebaldearen etorkizunerako suposatzen duten arriskua nabarmendu zuen; Europaren analisi soziologiko  pertsonala eta oso diagnostiko ezkorra, ia katastrofista, egin zuen; fundamentalismo islamiarraren aurka Mendebaldeko esku-hartze militarraren beharra babestera heldu zen, lekura soldaduak bidaltzea erabat beharrezkoa dela eta hori egiten ez bada ausardia  eta autoritate moralik ez dagoelako dela esanaz.

Guk uste dugu arazo hain konplexua eta delikatua horrela tratatzea errua dela,   gehiago oraindik esku-hartze armatuaz hitz egiten denean, mota honetako esku-hartzeaz dagoen esperientziarekin, eta berea funtsik gabeko diskurtso oso arriskutsua izan zela.

Radio Marian Espainiako hauteskunde orokorren biharamunean, berriz ere zalapartaka atera zen gotzaina ondorioei buruzko bere iritzia ematera. Zer egingo eta, gizartea iraindu zuen; gutako asko behintzat, gizartearen partaide garenez, irainduak sentitu ginen. Kontzientziaz hauteskundeetan parte hartu duena iraintzeko ez du inork eskubiderik, are gutxiago gotzain denak.

Eman zuen mezua oso garbia izan ez bazen ere, hauteskundeen ondorioak “gizarte gaixoaren” adierazgarri zirela esan zuen. Horrela, inolako ñabardura edo zehaztasunik gabe, inolako arrazoirik eman gabe. Noraino iritsi behar ote du gizon honek!. Lehen sano zegoen gizartea orain gaixotu ote da hain juxtu ere? Gaixo ote dago, bada, iraganaren ondorio den gaurko egoera trakets eta zuzengabearen aldaketa demokratikoki aldarrikatzen duen gizartea?. Ez, gure ustez; alderantziz baizik.

Lehen ere izan dira, hauteskundeen ondorioak gustukoak izan ez dituztenean herritarrei errua egotzi diotenak.

Jenero eta ideologia liberala aipatu zituen.  Hauek dira dirudienez arriskutsuak. Gure ustez badaude beste batzuk ere eta denen artean ideologia neokapitalista da orain okerrena.

Birsorkuntzarako eta guztien ona bilatzeko aukera ere badela esan zuen,  eta konponbiderako formula proposatzera ausartu zen.

Bere ustez, erraza litzateke PP, PSOE eta Ciudadanos ados jartzea sortu den arazoa konpontzeko. Gainerako guztiak kanpoan utziz. Gure ustez, aipatu zituen alderdietatik bik badute zerikusia gaurko egoerarekin, hamarkadetan agintean egon ondoren. Hauteskundeetan lehenengo alderdia, bigarrena eta laugarrena –hirugarrena kanpoan utziz– aukeratzeak ere zerbait esan nahi du, baita nazio-burujabetzaren aldekoak kontuan ez hartzeak ere. Aukera horren oinarrian badago zerbait. Zerbait horri, guk ideologia deitzen diogu, eta ez gaude ziur ideologia horretan “guztien onak”  lehentasuna duenik. “Guztien ona” ere ideologizatu daiteke. Proposatzen duen konponketak gizartea sendatzeko balioko duela pentsatzen du nonbait.

Errukiaren Jubileua dela eta argitaratu den liburuxkaren hasieran galdera hau egiten du gotzainak: Nola ospatuko dugu ba Errukiaren Jubileua batak bestea etengabe epaitzen ari bagara?. Gotzainak ez al du gizartea epaitu bere hitzekin? Gure ustez bai, bai epaitu eta bai epaia ebatzi ere.

Laburtzeko, iruditzen zaigu gotzainak oraingoan esandakoa funtsik gabea, burugabea eta ergela dela.

Ari garenarekin zer ikusi zuzen-zuzenik ez badauka ere, aita santuak “Laudato Si” entziklikan esaten duena aipatu zuen gotzainak, sortutako egoera konpontzeko baliogarri izan daitekeelakoan: “Dei egiten dut eztabaida zintzoa eta gardena egitera, interes partikularrek edota ideologikoek guztien ongia eragotzi ez dezaten”. Oso ondo. Elizbarruti barruan irizpide hau bera erabili dezala eskatzen diogu, arren, bere esku dago eta.

d) Errukiaren Jubileuari buruz.

Errukiaren Jubileua dela eta argitaratu den liburuxka dotorea irakurri eta aztertu ondoren gogoeta hauek egiten ditugu:

Gotzainak hasierako mezuan konpromiso hau proposatzen digu: “Baztertu ditzagun kritika, zurrumurru, txutxu-mutxu eta gaizki esanak. Nola ospatuko dugu ba Errukiaren Jubileua batak bestea etengabe epaitzen ari bagara?”.

Egia da elizbarrutian zurrumurru eta txutxu-mutxuak badirela, asko hitz egiten dela, denok gaudela aldatu beharrean; baina hori zergatik gertatzen den  galdetu beharko litzateke zintzoki. Zer diren berarentzat alde batetik eta bestetik egiten zaizkion kritikak jakin beharko genuke. Gauzak esan behar diren tokian esandakoan kontuan hartzen ez direnean, agintea era egokian erabiltzen ez denean, txutxu-mutxuei ateak zabal-zabal irekitzen zaizkiela jakin behar genuke, eta hori ez ezik, baita haustura eta zatiketari ere.

Elizbarrutiko Ate Santuaren irekierako homilian (2015-12-13) erruki-egintzaz hitz egitean, Jorge Mario Bergogliok, artean Buenos Aireseko Gotzainburu zelarik esandakoa aipatu zuen: “Behin eta berriz zentzatua edo zuzendua izateak erruki handiagoa erakusten du” (gogora dezagun: “gaizki egin duena zuzentzea, behar duenari kontseilu ona ematea…)”. Har bitez zentzu horretan guk behin eta berriz esandakoak, ez baita gure asmoa txutxu-mutxuetan jardutea.

Aita santuak Errukiaren Jubileuaren iragarpenarekin zera lortu nahi duela dirudi:  errukia serio har dezagula; guri, fededunoi, eta mundu osoari gogoratzea, orain, historiako une honetan, hain zuzen ere, ebanjelizazioaren erdigunea Jainkoaren Errukia dela. Elizak ez baitu beti irizpide hau izan eta ez baitu irizpide honekin beti jardun, aita santuak berak onartzen duenez. Denbora askoan zehar Jainkoaren justiziari eman izan dio lehentasuna Elizak.

Aita santuak Elizari eta gu guztioi  Errukiaren norabidean aldaketa erabakigarria egiteko eskatzen digu.

Gure Elizbarrutiko egitaraua ikusita ez da norabide aldaketarik nabarmentzen. Orain arteko lehentasunak indartzea, lehengo bidetik indar handiagoz jarraitzeko asmoa baizik.

Bestalde, harritu ere egiten gaitu Errukiaren Urterako egitasmo horretan Jainkozko Errukiaren Debozioari eskaintzen zaion garrantziak. Ez dugu uste Vatikanoko II. Kontzilioaren irakaspenekin bat datorrenik, ezta Frantzisko Erromako Goi-gotzainaren asmoen eremuan kokatzen denik ere. Uste dugunez, gainera, nekez onar daiteke era horretako debozio bat fede helduko sinestedun baten bizipenetan.

Aita santuak Misericordiae Vultus Errukiaren  Ohiz Kanpoko Jubileuaren deitze buldan iragartzen duen errukia bestelakoa da. Aitorleku eta  induljentzietatik askozaz haratago doa Jainkoaren errukia.

Ez da nahikoa aita santua eta haren esanak behin eta berriz aipatzea berarekin ados egoteko eta haren ildo beretik ibiltzeko.

Gai honekin bukatzeko esan behar dugu gure  inguruko parrokietan liburuxkak ez duela harrera onik izan, eta, ondorioz, ezta eraginik ere. Gainera, luxuzko edizioa egiteak harrokeriazko jarrera gehiago azaltzen du pobre-jarrera baino. Parrokietan obrak egiteko hainbeste arau eta neurri jartzen duenean, ez al du Gotzaindegiak lotsarik halako edizioan hainbeste diru gastatzeko?

2.  Elizbarrutiko eraketa eta kudeaketa.

Adierazi nahi dugu era berean, Elizbarrutiari dagokion eraketa eta kudeaketari buruz gure iritzia.

a) Ekonomia.

Urte hauetan zehar ez du hobetu elizbarrutiko ekonomiaren gardentasunak, ezta bere komunikazioak ere. Elizbarrutiko ekonomiaren egoera badaezpadakoa dela jakin arazi zaigu era batera eta bestera, eta sail batzuetan, eutsiezina, baina egoeraren larritasuna ezagutzeko beharrezkoak diren datu ekonomiko nahikorik azaldu gabe. Egoera honek sinesgarritasun gutxi sortzen du eta ondorioz apaiz eta sekular askoren ardura ahula kontu honetan.

b) Elizbarrutiko antolaketa.

Apaizen txandarik ezak, -baina apaizen artean ez ezik, sekularren artean ere arazo bera gertatzen ari baita-, elizbarrutiaren birmoldaketa sakona eskatzen du, gure ustez. Ez dugu ikusten arazoa egin beharko litzatekeen baldintzetan planteatzen denik. Azterketa-programazio bat , berehalako etorkizuneko lehentasunak finkatuko lituzkeena, pertsona, denbora  eta indar gehiago hauei eskainiz. Alderantziz arazoari ekiteko era hura bere zorira uztea da, edo inprobisatzea, apaizen eginbeharrak bikoiztu edo hirukoiztuz, hauek bere gain uzten diren zereginei ahal duten eran aurre egiten dieten bitartean.

Hau gertatzen da bai parrokietan bai kuriaren departamentu pastoraletan ere, zereginen eta erantzukizunen biderketa honek sortzen dituen ondorioekin : Neke hazkorra, apaizen osasun fisiko eta psikikoari eragiteraino, azaletik lanak egitea, etorkizunaren aurrean ezaxolakeria, erosokeria  “dagokidan“ lekua mantentzean; parrokiako zeregin minimoetatik harantz  erantzunik eza , elizbarrutiko jarduera eta  zereginetan parte gutxi edo batere ez hartzea, etsipena eta frustrazioa.

 c) Antolaketa instituzionala.

Elizbarrutiko antolaketa instituzionalak, bereziki bikariotzak eta departamentu batzuk, ordezkatuta ikusten dira modu garbian  – izendapenen bidez -, edo, isilpeko moduan, gotzainari baldintzarik gabeko edo familiako atxikimendu bidez nukleo “gogor” bat da elizbarrutia gobernatzen duena. Forma juridikoa eta instituzionalak mantentzen dira, baina ez gune eta alor gutxietan gotzainaren gobernu pertsonala, erreala eta eraginkorra bere gertueneko laguntzaile  hauek indartuta eta eraginda ikusten da. Horrek galarazten du  neurri handi batean      -beste leku batean diogunez- , gotzainaren benetako laguntzaile  eta ez bere konpartsa hutsak izan beharko luketen pertsona eta erakundeen laguntza eta inplikazioa. Funtzionamendu bikoitz honek ez du laguntzen apaiz gehienak eta erantzukizun pastoralak dituzten laikoek, elizbarrutiko arazo larriei heltzen, planteatzen eta konponbide posibleen bilaketan inplikatzen.

 Elizbarrutiko kontseiluak.

Adierazi nahi dugu era berean, Elizbarrutian hain garrantzitsuak izan behar luketen kontseiluen urte hauetako jarduerari buruz dugun iritzia ere.

d) Artzipreste Kontseilua.

 Pastoral jarduerarako aholkuak emateko Kontseilua da hau. Garrantzi handia ematen diola esan izan du gotzainak, baita Kontseilu osoa konforme dagoela ere gotzainak hartutako erabakiekin. Baina ez du esan Kontseilu horretan artzipreste ugari ez datorrela bat gotzainaren jarduerarekin eta zorrotz kritikatu izan duela jarduera hori zenbait puntutan, duela urte batzuk publikoki jakin zenez.

 e) Kontseilu Presbiterala.

 Gotzain Kontseiluarekin batean, Elizbarrutiaren gobernurako gotzainak legez izan behar duen Kontseilua da hau. Elizbarrutiko bizitzarako eta jarduerarako garrantzitsuen izan daitezkeen gaiak edota eragin berezia izan dezaketen gaiak aztertu eta bere aholkua emateko erakundea da. Behin baino gehiagotan gertatu da, ordea, halako zenbait gairi buruz erabakiak hartu ondoren informazioa ematea Kontseiluari, galdera edo kontsulta egin ordez. Hala gertatu izan da, adibidez, Elizbarrutiko Seminarioa Iruñean kokatzeko erabakia hartzean edota Sendotza emateko adina aurreratzeko erabakia hartzean edota Elizbarrutikoa ez den zenbait apaiz hartzeko erabakia hartu izan duenean.

 f) Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua.

 …Pastoral Kontseiluari dagokio, gotzainaren agintepean, elizbarrutiaren jarduera pastoralei  dagokiena aztertu eta baloratzea eta berari buruzko ondorio praktikoak iradokitzea. (c.511-CC) Hortik bere garrantzia.

Kontuan izan behar da Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua dela gotzainarekin, apaizak, erlijiosoak eta laikoak elkarrekin osatzen duten elizbarrutiko organorik garrantzitsuenetako bat.

 Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluak aurtengoa du azken urtea. Lau urte darama lanean gotzain honekin eta pastoral urte honen bukaeran berria izendatu beharko da.

Kontseiluaren barnean ebaluaketa egiteko asmoa dago, baina guk geure iritzia azaldu nahi dugu.

Elizbarrutiko arazo larriez edo garrantzitsuez ez da hitz egin. Arazorik ez balego bezala jokatu da.

Hain beharrezkoa dugun barne elkarrizketa eta elkartasuna ez da bultzatu.

Ez da ezagutu nahi izan kontseilariek batzarrean adierazi dituzten iritzi pertsonalek Kontseiluan izan zezaketen onarpenaren neurria. Iritzi pertsonaltzat gelditu dira besterik gabe.

Kontseiluak ezin izan du funtzionatu kontseiluari dagokion eran. Ezin izan dio ekarpen eraginkorrik egin elizbarrutiari.

Gotzain Jaunari aholkua emateko duen funtzioa betetzeko ez zaio eskatu ere egin, plangintzarako ekimenak eta baliabideak proposatzeko ez bada. Kontseilarien parte hartzea ez da bultzatu.

Laburtuz, Kontseiluak ez ditu bere funtzioak bete, ezta gutxiagorik ere.

Deserosoa izan da zenbait kontseilarientzat Kontseiluan parte hartzea, etsipena sortu dio bati baino gehiagori.

Askok utzi egin dio bileretara joateari, aipatu ditugun arrazoiengatik gure ustez. Beste batzuek zalantza askorekin joaten jarraitu dute, etsipenean ez dutelako erori nahi izan eta azkenean zerbait aldatuko den itxaropena izan dutelako.

Gure ustez, ezer gutxirako balio izan du Kontseiluaren lau urte hauetako jarduerak, itxura egiteko ez bada.

Gotzainak ez du Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluaren beharrik ikusten. Nahi izan duena egin du, kontseilari askorengan frustrazioa sortuz.

g) 2011-2016 urteko egitasmoaren ebaluaketa.

 Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluaren funtzionamendua ez ezik, urte hauetako egitasmoa ere ebaluatu beharko litzateke, parrokietan izan duen eragina batik bat.

Gure ustez, gotzainak bere kabuz egindako egitasmoak izan dira. Osatuta gero aurkeztu izan ditu Kontseiluan,  onartzea beste aukerarik eskaini ere egin gabe.

Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluak izandako esku-hartzea kontseilariek proposamenak egin ahal izatera mugatu da.

Gure iritziz egitasmoak ez dute inolako eraginik izan elizbarrutian.

3.  Azken gogoetak.

 Sei urte igaro ondoren, Gipuzkoako Eliza ez dago, gure ustez, lehen baino hobeto, alderantziz esango genuke, erdi hilda bezala baitago.

 Gipuzkoako Eliza banatuta, zatituta dago. Bakoitza bere aldetik dabil, asko bakarrik, babes gabe, umezurtz sentitzen dira. Ez da gotzaindegiaren pastoralgintza elizbarrutiko parrokietara iristen, Donostialdekoetara ez bada. Egoera traketsa eta iluna bizi dugu benetan. Parrokietan ilusioari eusteko ahalegin berezia egin beharrean gaude.

Pastoralgintzan konpromiso handiz lanean ari diren laiko askok ere egoera  kezkaz eta nahigabez bizi dute. Baita elizbarrutiko egituretan lanean ari direnak ere.

Oso gaizki bizi dute elizbarrutiko egoera apaiz batzuek, nahiz eta gure taldekoak ez izan, egonezina eta nahigabea ez baita gurea bakarrik. Askok bizi duten bakardadeak barneko haustura sortzen dio. Egoera zaila eta larria da benetan. Lehen ere ez ziren gotzainarekin beti eta denean ados egoten, baina bazuten nolabaiteko sintonia berarekin; orain askok ez.

Gipuzkoako Eliza ez da D. Jose Ignacio Munilla, nahiz eta askotan hala dirudien haren jarrerak, hitzak eta ekintzak ikusita.

Vatikanoko II. Kontzilioak nahi izan zuen, aita santuak nahi duen, Gipuzkoako eliztar askok bezala guk behintzat nahi dugun eliz eredua ez da D. Jose Ignacio Munillak  ezarri nahi duena. Horrek ez dirudi bidezkoa denik.

Gotzainak ez du onartzen beraren iritziaren aurka doan ezer.

Aldaketari bai Elizan, bai gizartean, bai politikan ere zaion beldurra ageri da behin eta berriz. Lehenari eutsi eta berrikuntzei atea itxi nahi zaie.

Ez gera gu bakarrik gotzainaren esanak eta jokaerak salatzen ditugunak, ahots kritiko gehiago ere entzun da eta entzuten da publikoki, zer esanik ez pribatuan.

Aipatu ditugun parte-hartze eta mezu arinak zabalduz sinesgarritasuna eta autoritatea galtzen ditu berak, eta Gipuzkoako Elizari kalte egiten diola uste dugu, lehen zuen izen ona galdu eraziz.

Gipuzkoako elizbarrutiaren egoera kezkagarria da. Gipuzkoako elizbarrutiak  egoera normalizatuago batean bizitzeko eskubiderik ez ote duen galdetzen diogu entzun nahi digunari.

Elizako goi agintariek badute elizbarruti honetako egoeraren berri gure ustez, baina ez dute ezer egin orain arte. Urteak joan, urteak etorri eta elizbarruti honetara bakerik ez dela iristen ikusita, norbaitek neurriak hartu beharko lituzke. Noiz arte jasan behar dugu egoera hau?.

Gipuzkoa, 2016 otsaila.

 

 

 

 

 

 

.

Deja un comentario