FRANTZISKO AITA SANTUAREN ERREFORMA ZAIN

ON JOSE IGNAZIO MUNILLAREN
MINISTERIOAREN BOST URTEEN AURREAN

On Jose Ignazio Munilla izendatzeak kezka handia eragin zuen gure artean. Izendapen horrek, azken urteotan geure Lekuko Eliza honetan bizi izandako eginkizun pastoralean eta Eliz ereduan gotzain-aldaketak izan zezakeen eraginaren kezka. Hala, gure herrian Vatikanoko II. Kontzilioak markatu eta Eliza Ebanjelioaren zerbitzura dokumentuan azaldutako ildoari jarraituz, Ebanjelioaren testigantza emateko asmoz eta gogoz, Donostiako elizbarrutiko kristau-sail (gizon eta emakume) batek EUTSI BERRITUZ Gipuzkoako kristau-taldea eratu zuen 2010ean.

Aipatu taldea eratzean, segidako helburu hauek markatu ziren:
a)  Ebanjelizazio-dinamismoak babestu, landu eta sustatzea Gipuzkoako gizarte zehatzean, segidako urteetan.
b)  Kristau-elkarteen bizitza babestu, landu eta sustatzea, Jesu Kristoren misterioaren bizipen propioan eta egitasmo ebanjelizatzaileetan erantzunkide direla kontuan hartuz.
c)  Kristau-elkarteetan pobreekiko, bereziki baztertuekiko, zerbitzua babestu, landu eta sustatzea.
d)  Gure herrian baketze-bidea eragitea.
e)  Ebanjelioaren inkulturazioa babestu, landu eta sustatzea gure herri honetako gaur egungo aniztasunean.

Agertu nahi dugu, beraz, EUTSI BERRITUZen misioa ez dela Elizari zerbitzu bat eskaintzea baizik, bere ikuspegi propio eta eklesiologikotik. Horixe egin nahi izan dugu azken urteotan, geure ahalbide mugatuen bidez.

 Idazki honetan GIPUZKOAKO ELIZARI aurkezten diogun balorazioan, On Jose Ignazio Munillak ardura hartu zuenetik bost urtera, geure elizbarrutiaren egoeraz egin dugun analisia dakargu; hau ere, jakina, aipatu zerbitzu-gogo horretan itsatsi behar da, ekarpen gisa; izan ere, uste dugu, errealitatearen ikuspen propio bat agerian jartzea, errespetuz eta egiati egina, EUTSI BERRITUZek GIPUZKOAKO ELIZARI, oso delikatua den une honetan, eskain diezaiokeen garrantzi handieneko zerbitzuetatik bat dela.

1.- Sarrera.

 Duela bost urte, 2010eko urtarrilaren 9an ospatu zen Donostiako Artzain Onaren katedralean gure elizbarrutiko gotzain berriaren, On Jose Ignazio Munillaren, sarrera eta ardura-hartzea. Ospakizunean bertaratze nabarmena izan zen On Renzo Fratini Espainiako Nuntzio Apostolikoarena.

 Arrunt ezaguna da nola agertu zen, aldez aurretik eta publikoki, On Jose Ignazio Munillaren izendapenaren aurka Gipuzkoako Elizako sektore hedatu bat (apaiz, erlijioso eta laiko); izan ere, biziki ezaguna zen haren pentsaera, bai arlo teologiko-eklesialean, bai arlo sozio-politikoan; ezaguna zen orobat On Jose Ignazio Munillak izan zuen jarrera eta jarduera gure elizbarrutiko apaiz bezala hogei urte baino gehiagotan. Gipuzkoako fededun askok ikusi zuen gotzain-izendapen horretan gaitzespen bat: aurreko lau hamarralditan Gipuzkoako Eliza erromesak egina zuen bide eliztar eta pastoralaren gaitzespen bat, alegia. Gaitzespen horrek modu berezian jo zituen aurreko bi gotzainak; hain zuzen ere, Vatikanoko II. Kontzilioari leial eta Ebanjelioaren zerbitzari izango zen Eliza diozesiar bat nola indartuko ahalegindu ziren haiek biak.

Benetan gutxi izan ziren On Jose Ignazio Munillak ardura hartzean bertaratu ziren apaiz, erlijioso eta laiko diozesiarrak. Aski izango da gogoratzea, bertaratu ziren apaiz diozesiarrak ez zirela iritsi ehuneko hamarrera.

 Egun hartatik bost urte igaro dira. Horrenbestez, beharrezkoa iruditu zaigu balorazio-gogoeta  egitea, bai gotzain-izendapen haren egokitasun edo pertinentziaz, bai On Jose Ignazio Munillak gerora garatu duen jarduera pastoralaz.

2.- Zergatik izendatu zuten On Jose Ignazio Munilla Donostiako elizbarrutiko gotzain?.

 Balorazio honi hasiera emateko, geure harridura eta txundidura azaldu nahi genuke; hain zuzen ere, gure elizbarrutiko apaiz bat beste elizbarruti bateko gotzain izendatu zutelako; hain juxtu, bere gotzainaren kontrako jarreraz argi eta garbi nabarmendu eta elizbarrutiko Elizak onartutako egitasmo pastoralari izkina eginez jokatu zuen apaiz bat. Dudarik gabe, izendapen hori lehen urrats bat izan zen, geroago bera gure elizbarrutiko gotzain izendatzeko asmoz egina, eta burutapen honekin: Vatikanoko II. Kontzilioaren espirituari, On Jose Maria Setien gotzainaren denboratik ebanjelizaziorako tresna gisa indarrean zegoen «Eliza Ebanjelioaren zerbitzura» dokumentuan txertatuari, erreferentzia egiten zion guztia bertako bizitza pastoraletik ezabatzeko. Kontuan izan behar dugu, Elizaren baitan, inboluzio-aldiak zirela haiek; urte askoz On Antonio Mª Rouco Varela presidente izan zuen Espainiako eliz hierarkian modu nabarmenean agertu zen inboluzio edo atzerakada hori. Rouco kardinala beti azaldu zen gure elizbarrutian bizi izandako lerro pastoralaren aurka. Ez zion onik egiten gure elizbarrutiak bere nortasun propioa izateak, ezta Gipuzkoako gizarte-bizitzan nabarmenki txertatua eta ageriko gailentasuna izateak ere. Ez zion onik egiten gure elizbarrutiko bizitza pastoralean laikoek eginkizun nabarmen bat izateak ere.

 Gure elizbarrutia egiaz eta zuzenean ezagutu gabe, Espainiako Elizako arduradunek uste zuten Gipuzkoako elizbarrutia politizatuegia zegoela eta arrunt nazionalista zela. Uste zuten ere, Espainiako Elizarentzat afektu eta kidetasun-zentzu koxkorra zuela gure elizbarrutiak. Era berean, pentsatzen zuten doi-doi egiten zitzaiela aurka gure elizbarrutian kultur korronte jakin batzuei, eta irekiegia zela proposamen teologiko aurrerakoien eta sortzaileenei buruz; uste zuten, gure elizbarrutiak ez zuela balioztatzen eliz mugimendu berrien presentzia eta jarduera, eta espiritualitate ahula eta haragituegia bizi genuela.

 On Jose Ignazio Munilla hasiera batean Palentziako gotzain izendatu bazuten ere, espero izatekoa zen haren hurrengo izendapena, berandu gabe Donostiakoa izango zuela. Rouco kardinalaren asmoa, On Jose Ignazio Munilla  On Joan Maria Uriarteren ondorengo izendatzea zen eta, horrela, gure elizbarrutiaren norabide erratua «zuzentzea».

 Gogorarazi behar dugu, bestalde, «Eliza Ebanjelioaren zerbitzura» delako dokumentuan argi eta garbi jaso zela Ebanjelioaren eta Kontzilioaren espiritua, Frantzisko aita santua, ahalegin handiz, gaur egun Eliza orokorrean nola txertatuko ari dena.

3.- On Jose Ignazio Munillaren gotzain-jardueraren kritika-puntu batzuk.

 Ez dugu On Jose Ignazio Munillaren gotzain-jardueraren erabateko balorazio xehea egiteko asmorik. Alabaina, kezkagarrienak diren alde batzuk nabarmendu nahi ditugu.

  • Eliz ikuspegi piramidal eta autoritarioa.

 Ezin dugu baietsi baizik, ezen bost urte hauetako On Jose Ignazio Munillaren  gotzain-jarduera, eliz ikuspegi piramidal eta autoritario baten fruitua izan dela. Elizbarrutiaren bizitzarako guztiz garrantzizkoak diren erabakiak hartzen ditu, kasik entzun gabe eta aintzat hartu gabe fededun, eliz talde, erakunde diozesiar askok eta, are, bere inguruko jendeak aurkezten dizkioten planteamenduak eta arrazoibideak. Jarrera eskasa agertzen du elkarrizketarako eta autokritikarako. Kontra egiten saiatzen da, nolanahi, sektore desberdinetatik egiten dizkioten proposamenei, egindako kritiken oinarrian diren arrazoiak eta kausak analizatu gabe. Ondorioz, gure elizbarrutiaren jabe bakarra bailitzan jokatzen du.

 Beraren gestioarekin kritiko diren apaiz, erlijioso eta laikoak pastoralki porrot egin duen jendetzat hartzen ditu, «berarentzat afektua izateko» gai ez den jendetzat, «Elizaz kanpo» kokatu diren «konspiratzailetzat». Hona hori guztia adierazten duen adibide bat: 2014 uztailean gure elizbarrutiko ehun eta gehiago apaizek sinatu zuten gutun kritikoaz agertu duen jarrera eta egin dituen komentarioak dira. Bitartean, diozesiar presbiterioari kontra egin eta ahots kritikoak isiltzeko, estrategia oso bat ari da garatzen kanpoko apaizak ekarriz, guztiak ere beraren sentierakoak eta berarekiko mendetasun betekoak; aitzakiatzat emanez, bertako kleroaren zaharreria eta apaiz-bokazio falta.

  •  Gotzain-irakaspen pobre, polemiko eta ez-entzuna.

Gure elizbarrutiak giza eta eliz kategoria handiko gotzainak izan ditu; formazio teologiko serios eta sendokoak, eta gizarte-zentzu aitortukoak. Haien hitza gogoeta-gai izaten zen eta aintzat hartua, neurrikoa eta argitzailea, balioztatua eliz eta gizarte-mailan. On Jose Ignazio Munillaren irakaspena, ondikotz, pobrea da teologikoki, eta ez du sintoniarik gure herriaren kultura eta sentierarekin; ezikusia egiten die gaur egungo «aldien zeinuei»; gordinki polemiko eta gaitzesle ageri da gizarte-sentiberatasun askoren kontra. Ondorioz, ezikusia eta ezentzuna egiten zaio gotzainari gure Elizan eta gure gizartean.

 On Jose Ignazio Munillak, bere irakaspenaren pobretasuna lausotzeko, Frantzisko aita santuaren idatzien eta adierazpenen oihartzun egin nahi izaten du bere burua. Halaz guztiz, bistan dugu On Jose Ignazio Munillaren pentsaera eta jarduera guztiz urrun daudela Aita Santuaren sentieratik, pentsaeratik eta jardueratik.

  • Programa pastoralak burutzeko eta gauzatzeko era esklusiboa.

Azken urte hauetan aurkeztu diren egitarau pastoralak ez dira izan, ez sinodo-ibilbide baten, ez diozesiar dinamika parte hartzaile baten emaitza; aitzitik, On Jose Ignazio Munillaren pertsonalismo esklusiboaren eta beraren asmo pastoral partikularren emaitza izan dira.

 Aipatu programek ez dute lortu elizbarrutiko egintza pastorala, ez antolatzea, ez animatzea. Gure parrokietako eta artziprestaldeetako askok ez  ditu bere egin edota ezjakina egin diete.

 Aldi berean, bai Artzipreste Kontseilua, bai Kontseilu Presbiterala  eta Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua organo informatzaile huts izatera mugatu dira askotan; izan ere, gotzainak bere gisara hartze ditu erabakiak, planteaturiko gaiak, proposamenak eta adierazpenak aipatu erakundeetan analizatu, aztertu eta eztabaidatu gabe. Gerta ohi denaren lekukoa dugu duela gutxiko hau: Kontseilu Pastoraleko kide laikoen talde batek publiko egin duena; bere desadostasuna agertzen baitu aipatu Kontseiluaren funtzionatzeko moduaz eta bertan gotzainak agertu ohi duen jarreraz.

  • Gotzain-jarduera, esateko, hiriburura mugatua.

 Gotzainak eta gotzaindegiak eragindako ekimen pastoralak Donostiako parrokietako eta mugimenduetako jardueratara mugatzen dira, esateko; haietan biltzen baitira gotzainaren ideario teologiko, eliztar eta ideologikoa arnasten duten pertsonak eta taldeak. Gotzainak berak, haren mezuak eta haren proposamenek apenas harrotzen duten arretarik probintziako parrokietan eta artziprestaldeetan.

  • Pastoral Barrutiak eta laikoen ardura-kidetasuna bazter utziak.

 Arazoaren garrantzi bereziagatik, gure elizbarrutian, modu partekatuan, egiten ari ginen Eraberritze Pastoralaren inguruan On Jose Ignazio Munillak azaldu duen axolarik eza eta marjinazioa azpimarratu nahi ditugu. Ez zuen izan gogoko Zumarragan apaiz egon zelarik eta ez du sustatu elizbarrutiko gotzain delarik. Bera Gipuzkoara gotzain iritsi aurreko urteetan egin ziren ahalegin handiak eta eman ziren urratsak inolaz ere kontuan hartu gabe, ez berak, ez beraren Bikarioek agertu dute erantzukizun-zentzurik eta etorkizunaren ikuspegirik, ofizialki eratuak ziren parrokiez gaindiko  Pastoral Barrutien arduradunak biltzeko. Hari beretik, ez dira kezkatu elizbarrutiko berrehundik gora laikoak biltzeko, aurreko gotzainak publikoki emanik mandatu pastoralak hartu zituzten haiek alegia, aldi berri hauetan beraien egintza pastoralean norabidetzeko.

 Uste dugu, gure elizbarrutiaren eraberritzearen prozesu hau bertan behera utzi izana arduragabetasun larria dela, eta geroko pastoralaz, gure elizbarrutiak gaur berean kontuan hartu beharreko duen arazoaz, bista motz izatea azaltzen duela.

  • Espiritualismo pietista eta sasi-debozioan oinarritua.

 Donostiako gotzainak abian jarri dituen ekimen pastoral askok espiritualitate arrunt pietista eta sasi-deboziozkoa sustatzen eta babesten ditu. Hala, gure egun hauetarako debozio sano, heldu eta esanguratsu bat animatu ordez, kontzilio-aurreko espiritualismo hura ari da eragiten.

 Rahner-ek azaldutako intuizioarekin bat –«XXI. mendeko kristaua mistikoa izango da edo ez da kristaua izango»–, uste dugu, eliztar eginkizun presakoenetako bat, hain justu, kristau-esperientzia sustatzea dela. Baina ez, iraganerako egokiagoak ziren deboziozko baliabidez egina, baizik, Vatikanoko II. Kontzilioak markaturiko ildoari jarraituz egina, Jainkoaren Hitza zabalago eta sakonkiago ezagutuz, gizartearen kezkekin eta eskakizun sakonekin enpatia handiagoa eta eliz elkartean eta berorren misio ebanjelizatzailean esku hartze kontzienteagoa, arduratsuagoa eta eraginkorragoa biziz.

 On Jose Ignazio Munillak ez ditu batere arnastu talde bibliko edo Hitzaren irakurle fededunak, nahiz gauza jakina izan zeregin handia bete dutela talde horiek elizbarrutiko laiko asko formatzen. Ez du ahaleginik azaldu adineko jendearen otoitz-taldeak, gaur egungo girokoak, sustatzen ere.

  • Diozesiar elkartasun edo komunio hautsia.

 Hamarkadatan bizi izan ditu gure elizbarruti honek sintonia eta eliztar elkartasun aipagarriak. Baina elkartasun hau lausotu eta kraskatu egin da On Jose Ignazio Munilla gure elizbarrutira gotzain etorri zenetik. Azken bost urte hauetan sakondu egin dira eliztar desadostasunak, eta, jakina, tamaina handian baldintzatu du horrek diozesiar organoen, artziprestaldeen eta parrokien misio pastoral eta ebanjelizatzailea.

 Giro diozesiar gaixoti, arraro eta etena joan da garatzen, bi sentiberatasun pastoral guztiz desberdindu sortaraziz. Giro honek berekin ekarri du elkartasun egiati baten eta elkarrekiko gardentasun baten falta diozesiarren artean. Errealitate horren aurrean, ematen du, On Jose Ignazio Munillak nahiago duela beste alde batera begiratu; okerrago dena, problema horren erantzukizuna apaizei leporatu nahi die berea ahaztuz. Problemaren larritasuna dela eta, baina bizi ditugun topo egin ezinaren eta adiskidetasun-ezaren hondo-hondoko oinarria – On Jose Ignazio Munilla bera eta gotzain-ministerioa betetzeko duen moldea, alegia – kontuan hartu gabe, elkartasunerako irtenbide faltsuak planteatzen ditu, errealitatetik erabat kanpokoa den ustezko birsortze espiritual baten bidez.

4.- Laburpen gisa.

 Laburpen gisa, segidako alderdi hauek azpimarratu nahi ditugu:

1.__ Lehen mailako Diozesiar Organismoek – Kontseilu Presbiteralak, Artzipreste Kontseiluak edo Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluak – ez dute funtzionatzen, ez gogoeta-arloan, ez elkarrizketarako, ez bereizmen-lanerako. Ez dute egiten, elizbarrutian bizi dugun tirandura eta desmoralizazioa islatu baizik. Esaterako, organismo hauetako kontseilariek aitortzen dute aholku guztiak sobera eta alferrikako direla On Jose Ignazio Munillarentzat, ez delako gai, ez aktiboki entzuteko, ez gauzak egiati egiaztatzeko. Eta oso urrun dagoela gutxieneko autokritika bat egiteko.

2.__ Azken bost urte hauen ezaugarri dira orobat, bai Pastoral eragileen formazio iraunkorraz bizi izan dugun ardurarik eza, bai arlo horretako aurreko bidea bertan behera utzi izana. Gentza Teologia eta Pastoral Institutua (pastoral-bilerak, formazio-mintegiak, elkarketak…) jarduerarik gabe uztea, Pio XII.a Erlijio Zientzien Goi Institutuko irakasleek eta ikasturteek bata bestearen segidan jasan dituzten aldaketak, Seminario Nagusia Iruñean kokatzea, laikoen formazioa alde batera uztea: horrek guztiak serioski pobretu du lan pastoralaren kalitatea.

3.__ Gotzain-aro honen ezaugarrietako bat, hauxe izan da. Alde batetik, inprobisazio hutsez eta lehentasunak markatu gabe eragindako jarduera pastorala sustatzea. Bestetik, gotzaindegian burututako egitarauak eta proposamenak baliozkotzat eta aintzat hartu ez izana elizbarrutiko artziprestalde eta parrokia askotan. Horiek horrela, elizbarrutiko Eliza gainbehera doa eta zurruntzen, paralizatzen, etorkizunerako ere planteamendurik bistaratzen ez delarik.

4__ On Jose Ignazio Munillari ezgaitasun larri bat nabari zaio, bai eliztar elkartasun bat sortzeko, bai egintza pastoral eraginkor eta gaur-gaurko baterako behar diren ahaleginak batzeko. Elkarrizketa zale bezala azaldu nahi du; alabaina, 2014ko uztailean ehundik gora apaizek sinatutako gutunari eman dion erantzuna, horixe izan da: gutuna bera desitxuratu eta sinatzaileak deskalifikatu nahia. Egoera hau luzatzen bada, handituz joango da kristau-elkarteen haustura eta, era berean, gero eta gehiago, hondoa jotzen joango da elizbarrutiko jarduera.

5.__ Gotzaina sarritan urruntzen da elizbarrutik; bestetik, gutxitan azaltzen da probintziako parrokietan eta artziprestaldeetan; horrek, beste behin, argi eta garbi azaltzen du elizbarrutia gobernatzeko duen izaera pertsonalista. Eta, jakina, horrek guztiak ez dio uzten eliztar gehienek Lekuko Eliza honen bizieraz duten iritzia eta ustea hurbiletik ezagutzen, eta, bestalde, jendeak ere ez du ahalbiderik gotzaina aurrez aurre ezagutzeko.
Egoera hau luzatuz gero, ezinbestean joango dira haziz gure elizbarruti honetan desmoralizazioa eta kristau-elkarte gehienen bakardadea.

6.__ Badakigu, egoerak eta errealitateak modu desberdinetan behatu  eta baliozta daitezkeela. Beraz, ez dugu esan nahi geure hau dela erabateko egia gure elizbarrutian gertatzen ari denaren gainean. Halere, esan behar dugu, errealitateari ahalik objektiboenik eta ahalik hurbilenetik begiratzen ahalegindu garela.
Zer egin dezakegu gure elizbarrutiak bizi duen egoera hain kezkagarria eta etsigarria azaldu ondoren? Benetan uste dugu, irtenbidea ez dagoela gure esku. Ez dugu beste esperantzarik: Frantzisko aita santuak hasi duen eta eragiten ari den eliz erreforma egunen batean iritsiko dela gure elizbarrutira ere, eta, orduan, berreskuratuko ahal izango duela misio ebanjelizatzailea gaur eta hemen gauzatzeko beharrezkoa duen sintoniaren eta elkartasunaren giroa.
Egiaztatu dugu, On Jose Ignazio Munillaren jarduerak banaketa eta min handia ekarri duela gure elizbarruti honetara. Deskribatu dugun egoera larriaren aurrean, zer diote orain izendapen horretan parte hartu zuten Espainiako Elizako hierarkiaren arduradunek?

Azkenik, azaldu nahi dugu, Gipuzkoako Elizako apaiz, laiko eta erlijioso askoren buruan indarrean jarraitzen duela elizbarrutian landu zen eta «Eliza Ebanjelioaren zerbitzura» dokumentuan ageri den espirituari jarraitzea.

 Gipuzkoan, 2015eko otsailean

FRANTZISKO AITA SANTUAREN ERREFORMA IRITSI ZAIN pdf.

Anuncios

Un pensamiento en “FRANTZISKO AITA SANTUAREN ERREFORMA ZAIN

  1. Begoña, ORDIZIA da nire herria. Han jaio nintzen eta Ekainean hara joaten naiz nire senideekin egotea. Nik 20 urte BURUNDI, Afrikako
    herrian egin nituen eta orain Brusela hirian refugiatu eta etorkinekin dut nire misioa. Hemen gure Gotzainak estimatzen ditugu eta elkarrekin lan egiten dugu.
    Munilla ez dut ezagutzen, baina nire adiskideak aspalditik esaten didate gure Elizbarrutian kristau bezala bizitzerik ez dagoela. Zuekin bat eginik Begoña

    Me gusta

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s