Vatikanoko II. Kontzilioan, orduan Los Rios-eko gotzaina zen, Bittor Garaigordobil bizkaitarrak aurkeztu zuen idazkia

  HEMEN erlijio gogoetarako aldizkaria 

48. alea, Urria-Abendua 2015, 91-93 or.

Bittor Garaigordobil

hemen 48.alea Urria-Abendua 2015           ANIMADVERSIONES SCRIPTO EXHIBITAE QUOAD…

Vatikanoa, 1964-09-23

[euskara batuara egokitua]

“Gaur egungo gotzainaren irudia zehazterakoan, Kontzilioko guraso ugarik ezaugarri bat nabarmendu dute hainbat ikuspuntutatik: ezinbestekoa dela Gotzainak bere ardiak ondoen ezagutzea, ahalik eta ondoen bazkatu ahal izateko. Bat egiten dut, bete-betean, ikuspuntu horretatik jardun izan dutenekin.”

Nire aldetik, oharren edo beste gehitu nahi nuke ideia berean sakontzeko.

Edozein izanda ere gotzainak helburu hori lortzeko darabilen metodoa, nahitaez eta beste edozer baino lehen, bere apaizak aintzakotzat hartu beharko ditu lankide estu moduan. Zentzuz hitz egin du guraso batek kontzilio-aretoan, apaizak gotzainaren begi eta esku direla adierazi duenean.

Begiak, horien lankidetza gogotsu eta eraginkorri gabe, bere elizbarrutiko arazoak sekula ezagutuko ez lituzkeelako, ezta egoki lehenetsiko ere. Gotzainak bakarrik bere begiez edo bere inguruko gutxi batzuen begiez ikusten badu, gerta liteke bere elizbarrutiko arazoen ikuspegi oso eta objektiborik ez izatea eta, batzuetan gainera, delako ikuskera hori lar interesatua izatea. Gotzainaren inguruan ke-kortinak ere zabaldu daitezke, parrokietako edo elizbarrutiko arazoen nondik norakoak ezkutatzeko. Errealitate zehatzekin zerikusirik ez duten egoera artifizialak ere aurkeztu diezaizkiokete gotzainari.

 

Gotzainak, dagokiokeenez, bere elizbarrutiko arazoak, beharrizanak eta aukerak bene-benetan ezagutu nahi baditu, horren guztiaren berri emateko egoeran dauden apaizen lankidetza eta aholkua izan behar du eta ezinbesteko konfiantza jarri behar du egia osoa esan diezaioten, arimen ona soilik xede izanik. Bide horretatik bakarrik eratu ahal izango ditu arrakasta izango duten egitasmo eta helburuak.

Gotzainaren eskuak, egitasmoak eratu eta helburuak egituratu ondoren, gauzatu ere egin behar direlako. Eta hemen bai dela beharrezkoa apaiz guztien lankidetza gogotsu, bizi eta borondatezkoa. Apaizek euren gotzainarekin gustura eta atseginez elkarlanean jarduten ez badute, alferrik da egitasmoak bikain eratzea eta egintzei gogo handiz ekitea, hala-moduzko burutzea izango baitute, kasurik onenean ere.

Eta delako egitasmo horiek apaizen irizpide eta ikuspuntuak behar den moduan kontuan hartu gabe ezartzen badira, zaila izango da apaiz horiek gotzainarekin gogotsu, bizitasunez eta atseginez elkarlanean jardutea. Gaur egun gogoan hartzen eta mamitzen ari diren ideien arabera, ulermena, elkarrizketa eta lankidetza nahitaezkoak dira gotzainaren eta bere apaizen arteko batasun orekatua eta sendoa egituratu ahal izateko.

Beste alde batetik, gotzainak euren elizbarrutietan aldi baterako daudela eta bitartekoak direla kontuan hartuta, halako garrantzia duten argibide edo egitasmo eragileak elizbarrutiko apaizek sentitzen eta pentsatzen dutenekin bat egin dezatela da zentzuzkoena. Izan ere, gotzaina hil egin daiteke edo beste egoitza batera lekualdatu dezakete gutxien uste denean, baina argibide eta egitasmo batzuek jarraipena izan behar dute elizbarrutiaren onerako. Eta izan, elizbarruti bereko apaizak dira jarraipen horren bermerik onena.

Azkenik, elizbarrutiko apaizek laguntza behar dute gotzainak izan ditzakeen errakuntza edo bidegabekeriei aurre egin ahal izateko. Gotzainok ez gaude grazian berretsita. Eta ez gara hutsik gabekoak gure erabakietan. Eta ez gaude jatorrizko bekatuaren ondorioetatik libre. Apaiz asko kexu da bere gotzainagandik ulermenik jaso ez duelako eta beste asko aintzakotzat hartu ere egin ez duelako. Eta apaiz batzuk euren gotzainaren inguruan dituzten adierazpen eta jarrera batzuk -gogor samarrak izanik ere- beti eta aurretik ez zaizkio apaiz-senik ezari egotzi behar. Behin baino gehiagotan ez zaie arrazoi apur bat falta eta.

Gotzainok gure apaizengan esanekotasunezko krisia antzematen dela esaten dugu. Ez ote genuke hitz egin behar gotzainengan antzematen den aginte krisiaz ere? Bolo-bolo entzuten da apaizen artean Vatikanoko II. Kontzilioari buruzko komentario isekari samarra. Vatikanoko I. Kontzilioak Aita Santuaren hutsezintasuna erabaki zuela diote. Eta gotzainok izan dugun lehen aukeraz baliatu garela Vatikanoko II. Kontzilioan geure eskubideak aldarrikatzeko, eta eurek patxadaz itxaron beharko dutela Vatikanoko III. Kontzilioaren etorrera, apaizek Elizan duten lekua zehaztu dezan, “officio et munere Prebyterorum” (apaizen eginkizuna eta ordainketak) dotrina zaharra berrituz. Beldur dira, Kontziliotik ez ote garen gure agintea sendotuta eta Aita Santua txiki bihurtuta itzuliko.

Hori guzti ikusita eta, Elizaren egiturak berak eskatzen duenaren arabera, gotzainaren eta bere apaizen arteko batasun orekatua gauzatu ahal izateko, batzordekideek komenigarrien jo dezaten lekuan eta eran, Kontzilioko Dekretuan honako hauek jaso daitezela proposatuko nuke:

1. Elizbarruti bakoitzean antolatu dadila, -ad modun presbyterii-elizbarrutiko aholkularien kidegoa, elizbarrutiko zuzendaritzazarduratzen diren apaizez eta horiek zuzenean aukeratutako beste batzuez osatuta.

2. Elizbarrutiaren administrazio eta gobernuan garrantzi handia duten gaietan, gotzainak kontuan izan dezala aholkularien kidego horren iritzia.

Vatikanoan, 1964ko irailaren 23an.

hemen 48.alea Urria-Abendua 2015           ANIMADVERSIONES SCRIPTO EXHIBITAE QUOAD…

 HEMEN

Anuncios

Un pensamiento en “Vatikanoko II. Kontzilioan, orduan Los Rios-eko gotzaina zen, Bittor Garaigordobil bizkaitarrak aurkeztu zuen idazkia

  1. Pingback: On Bittor Garaigordobil hil da | EUTSI BERRITUZ

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s