Egiaren espirituak argituko zaituzte

P E N T E K O S T E                             B Zikloa

Ebanjelio Biziko lagunok: egun  handi bat dugu gaurkoa.Suzko mihien eguna da, haize indartsuarena,Pentekoste eguna, Espirituak bihotzak mugiarazten dituena eta profetak, abeslariak eta argikusle edo ameslariak sortarazten dituena.Ea gure bizitzak irauli arazten dituen eta fededun sutsuak egiten gaituen!Taizé

EGIAREN ESPIRITUAK ARGITUKO ZAITUZTE

San Joan     15,26-27; 16,12-15
Nik Laguntzailea, Aitarengan jatorria duen egiaren Izpiritua, bidaliko dizuet Aitaren ondotik. Etortzean, hark egingo du testigantza Nire alde. Eta zuek ere egingo duzue testigantza, hasieratik Nirekin egon baitzarete.
Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Izpiritua etortzean, berak egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta Nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue. Berak Nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena Niregandik hartuko baitu. Aitak duen oro Nirea da. Horregatik esan dizuet Izpirituak Niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.
Jaunak esana


Patxi Loidiren IRUZKINA

Pentekoste egun handia da gaurkoa, kristau-festa handienetakoa. Ebanjelioa, Jesusek despedidako Azken Afarian bere ikasleekin gauzatutako elkarrizketa luzetik hartua dago. Ebanjelariak sortutako elkarrizketak dira hauek eta bere teologia sakona adierazten laguntzen diote. Lau aldiz hitz egiten die Espiritu Santuaz.
Espiritu Santua izen ezberdinekin aipatzen da: Paraklitoa, Bermatzailea, Abokatua, Defendatzailea, Kontsolatzailea, Egiaren Espiritua, itzultzaileen arabera. Aitaren eta Jesusen arteko maitasuna da, Jesus maitasunez blai egiten zuena eta maitasun egintzetara bultzatzen zuena, bere obra aurrera eramateko Jainko-sena emanez. Indar berbera ematen digu gaurko ikasleoi ere, Jainkoaren Erreinua den bere kausa jarrai dezagun; hau da, Jainkoari irekitako gizarte aske eta zuzena.
Misterioz jositako testuak dira. Nekez iritsiko gara osotasunean eta hondoraino ulertzera, hain sakonak izanik. Jainko Aitaren eta Jesusen arteko barne-batasun oso eta banaezina adierazten digute, Jainko-bizitzatik at Jesusen eta Elizaren arteko batasun estuan hedatzen dena eta baita Jesusen eta gutako bakoitzaren arteko harremanean ere. Dena transformatzen duen Maitasuna da Espiritu Santua, haize indartsu eta suzko mihi –gaurko lehenengo irakurgaiak esan digunez-, maitasun-       motor geldiezina Jesusen eta Elizaren misioan.
Gaurko pasartearen arabera, Espirituak zer egiten du gugan?:- Argitu egiten gaitu lehenengo eta behin; eta Jainko Aitak Jesusekin eta Honek gurekin duen barne-batasun hautsiezinaren misterioa ikustarazten digu.- Jesus Piztuaren aintza agerian jartzen digu.- Bere Ebanjelioa espiritualki argitzen digu- Eta Kristoren testigu bizi bihurtzen gaitu.
Ez dezagun pentsa ezagutza intelektual bat denik edota geurezkoa den eta ikasi gabe izan dezakegun ezagutza batean. Askoz sakonagoa den zerbait da. Ebanjelioaren sakontasuna erakusten digun ezagutza mistiko bat. Eta profetak hots egindako barne-poz eta gaitasuna ematen digu: “Gizaki ororen gainera isuriko dut nire Espiritua; profeta lana egingo dute zuen seme-alabak; gazteenek ere ikusketa bereziak izango dituzte; eta, adinez jantzita egon arren, amets-biziak izango dituzte zuen arteko zaharrenek” . Beste kristautasun bat da, jende askorentzat erabat berria dena: mundu guztiaren aldeko eta justiziarekin eta pobreekin konprometitzen den fede bizi eta pozez betea da.

 


OTOITZA

Suzko mihiekin

(Ap Eg 2, 1-13)
Eta erabat berotu eta erre zituen haien buru-bihotzak. 
Horizontea eta begirada aldatu zien.
Mundu guztia aldatu zuen haien begi-aurrean. 

Ez zen jada Galilea txikia, ezta Genesareteko laku maitea
beren begiek ikusten zutena.  
Jerusalen bera ez zen jada nahiko, ezta Palestina osoa ere.

Lur osoak deitzen zituen Su jarkiezinezkoarekin 
eta airean zintzilik jartzen zituen,
lekuz aldatu nahian. 

Zure herriko sinagogan oihu egitera eraman zintuen
Su bera zen, Jauna:
Zure Espiritu biziaz gantzutu nauzu Jainkoaren Espiritu bizia! 
Munduko pobretuei Berri Ona eskaini diezaiedan,
mundu aberats eta miserable honetan 
mila pobreziaz jantzitako behartsuenei.

Zure ikasle eta jarraitzaileen txanda eta unea da,
Zure erraiak kiskaltzen zituen su berarekin
-gaur gu geu ere erre nahi gaituenarekin-
prestatzen ditugu zuzi piztuak eta gogatsuak,
supazterren beroa eskaintzeko,
ogia eta Ebanjelioa,
Berri Ona bide eta bidegurutzetan aurkitutako 
pertsona guztiei.

Deja un comentario