Jaunaren bataioaren ospakizuna, zeinetan Jaun bezala agertzen den.

Patxi Loidiren iruzkina

Markos  1, 7-11

 Honela hots egiten zuen Joanek: Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte.

Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin.

Jaunak esana!   Eskerrak zuri, Jauna!

IRUZKINA, Patxi LOIDI


Sarreratxoa: Ez dago zalantzarik: Joan Bataiatzaileak Jesus bataiatu zuen Jordan ibaian. Lau ebanjelioetan ematen da horren berri; Jesusen bizitzan erabakigarria izango den gertakaria da, bere bokazio-deia, nolabait adierazteko. Handik aldi motz batera Joan atxilotua izan zenean, hark hasitako lanari jarraitzea erabaki zuen Jesusek, baina beste bide batzuk aukeratuz horretarako. Fede gartsuz ospatzen dugu gaur eukaristia hau, kontuan izanik gure bataioaren jatorria Jesusen bataioan aurkitzen dela, eta Espirituak betetzen gaituela hura bete zuen modu berean.

Adiskideok: Jesus bataiatua izan zen. Ez al zaizue harrigarria gertatzen gertakari hori? Ez al da deigarria gertatzen Jesus bataiatua ikustea? Egiozue berriro galdera hori zeuen buruei. Orain egun batzuk Joani berari entzun ahal izan genionez, bera ez zen inor Jesusi oinetako lokarriak askatzeko ere. Esaldi hori bera errepikatu zaigu berriro gaurko pasartearen hasieran. Eta berak urez bataiatzen duela gehitzen digu gaurko honetan; eta Jesusek, aldiz, urez eta Espiritu Santuaz bataiatuko gaituela. Joanek Jesus bataiatzen duela ikusi dugu irakurri berria dugun pasartean. Ez ote deigarria hori guztia?

Ba da, oraindik, hori baino deigarriagoa egiten zaigun beste zerbait. Bekatarien artean bataiatzen da Jesus, horien arteko beste guztien antzera. Era guztietako pertsonak aurki zitezkeen bekatari haien artean. Ez al zaituzte harritzen horrek? Ala, ez zarete horretan pentsatzera jarri gaurdaino?

Harrigarria da benetan Jesusen apaltasuna, gizatasunean beste edonoren mailakoa agertu nahi baitu.

Ustekabekoa gertatzen da ondoren: Espiritu Santua jaisten da Jesusengana, eta pertsona batek inoiz entzun ditzakeen hitzik gorenenak entzuten dira jarraian: Zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin.

Anai-arreba maiteok, bil gaitezen geure barnean eta begira diezaiogun Jesusi liluraz. Jordan ibaian aurkitzen da beste edozein bekatari moduan, eta Joanek bataiatzen du. Eta gorenera igotzen da espiritualki uretatik ateratzerakoan: Zu zara nire Seme maite!  Eta erabat liluraturik, gurtu dezagun Jesus.

Eta egin dezagun orain beste honako galdera hau: zer gertatu da nire bataioarekin? Zer egin dut egun hartan jarri zidaten jantzi zuri harekin?  Eta zer jantzi zuri harekin batera hartu nuen Espiritu Santuarekin?

Une honetan birberritu dezaket Jaunaren aurrean hasierako nire bataio hura. Une honetan biziera berri bati ekitea bezala izango da, Jesusek urez eta Espiritu Santuaz bataiatutako pertsona bati dagokion biziera berriari ekitea bezala, beraz. Jainkoaren seme edo alaba izateari dagokion duintasuna apaltasunez azpimarratzea bezala izango da, hori baita pertsona batek lor lezakeen duintasunik gorenena. Pertsona guztiak maila bereko egiten gaituen duintasuna, alegia, Kontzilioak behin eta birritan gogoratzen digunez.

Otoitza


Hain txiki eta hain handi!

Jesusen arreba naiz!
Bera hain apala, eta hain handia.
Ni hain txikia, eta hain handiustekoa, aldiz.
Ez naiz, ordea, handi agertuko inoiz Jainkoaren aurrean,
Jesusen urez bataiatu nauen berorren aurrean.
Haren Espiritu Santu bera hartu dut.
Eta hark entzundako hitz berberak entzun ditut neuk ere:
Nire alaba maitea zaitut!
Jainkoak berak esan dizkit.

Mundu osoa eraldatu zuen hark Espiritu horren eraginez,
herri txiki batetik hasita.

Indar berbera jaso dut neuk ere,
neure izaera aldatzeko gauza izango ote naiz, gutxienik ere?

Zatoz, Jauna, nire bihotz honen sakonenera,
nire bataioa gorderik daukadan kutxa honetara.
Eta berreskuratu ezazu,
garbi eta distiratsu,
inoiz entzun daitezkeen hitzik gorenenak
entzuteko gai izan nadin:
Zu zara nire alaba maitea,
Zu zaitut atsegin.

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

A %d blogueros les gusta esto: