Epifania Jaieguna,

Jaunaren Agerkundea.   Patxi Loidiren iruzkina

Mateo 2, 1-12

 Ekialdeko jakintsu batzuek Jesus gurtu

Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz. Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:
          Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
          Judako hirietan txikiena;
          zuregandik aterako baita buruzagia,
         Israel nire herria   gobernatuko duena.

Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra.
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Jaunak esana.

IRUZKINA, Patxi LOIDI


Sarrera-hitza: Epifania Jaia ospatzen dugu gaur, “Errege Eguna” deitzen dioguna. Liturgiako nagusienetako bat da, Jesus jentilei agertu zitzaienekoa adierazten duelako, alegia, mundu guztiari. Kontaketa, zoragarria da benetan. Egileak barre egiten dio Herodesi, ironiaz ari da Jerusalemi buruz eta besarkada beroa ematen die errege jakintsuei, aurrena Belena gidatuz eta gero beren herrialdeetara beste bide batetik, geografiakotik eta Jesusen bidetik. Ospa dezagun gaur, jentilen ondorengo izanik, fedearen dohain handia eta egin gaitezen inguruan ditugun makina bat jentilen misiolari.

Lagunok: Ez al zaizue iruditzen ebanjelio hau gure-gurea dugula? Ekialdeko jakintsuak jentilak ziren. Gu jentilen ondorengoak gara. Jesus judua zen, juduen artean bizi izan zen, baina mezu unibertsala hots egin zuen. Kristautasunean berehala gertatuko zena aurreratu zuten errege jakintsuek: jentilez beteko zela. Gaur oso gurea dugu festa hau. Kristautasunaren eta Elizaren izaera unibertsala ospatzen dugu. Mundu guztian daude kristauak, kolore eta hizkuntza guztietakoak, are pertsegituak diren tokietan ere. Jainkoaren Herria gara, herri koloretsua. Herri aukeratua dagoeneko ez da arraza batekoa, arraza guztietakoa baizik. Guretzat ez dago arrazarik. Munduko senideak gara. Horregatik oihu egiten dugu: Emakume oro da nire ahizpa eta gizon oro, nire anaia. Behartsuak dira anai-arreba minak. Jesus da gure anaia zaharrena, inoiz izan den Gizakirik solidarioena.

Eta, zer iruditzen zaizue gordeketan dabilen izarra? Fedearen izarra da. Egun txarrak dituzte. Baina errege jakintsuek ez zuten atzera egin ezta norabidea aldatu ere. Eta gutxien uste zutenean, han agertu zitzaien berriro izarra eta leku zuzenera gidatu zituen. Har ditzagun gogoan bi pentsamendu: izarra desagertzen denean, ez da hil, ezkutatu besterik ez da egin; eta krisietan, ez utzi bidea, ez hartu erabakirik, ekaitza baretu arte.

Pasarte honen egilea lotsagabea da eta barre egiten dio Herodesi, honek gertakari handiaren arrastorik ez duen bitartean; ekialdean badakite, marka da gero. Buruzagi juduei ere barre egiten die, Izkribuak ezagutu arren ez baitute sumatu ere egiten gertakari handiena, ekialdekoek dakitena. Eta barre egiten dio Herodesen beldurrari, Haurra garbitzeko azpijokoan dabilen horri, azken batean beldurtia delako, anker guztiak bezala. Eta ziria sartzen dio, erregeak beste bide batetik itzularaziz beren sorterrietara.

Eta, zer esaten dizue beste bide batetik itzultzeak? Ez ote da beste ironia bat, esanahi bikoitza duena: batetik, hitzez hitz ulertzen duguna, eta bestetik, erregeak Jesusengana bihozberritu direla, Herodes Haurra hil nahian dabilen artean eta maisu juduak hura baztertzen?

Dena miragarriro sinbolikoa da kristautasunaren etorkizuna aurreratzen duen pasarte honetan. Errege jakintsuak Jesusek erakarriko duen jentil oldearen irudia dira. Opariek adierazten dute Haurra mesias eta errege dela eta sufritu egingo duela. Herodesen beldur txoroek Jesusi eta bere ikasleei, gizakia eta benetako balioak defenditu dituztenei, beldur izan dieten pertsegitzaileen ikarak iragartzen dituzte. Baina kristauek baditugu, bai, arrazoi sendoak hainbeste agintari harro eta ikaratiri beldur izateko, burua makurtzen ez dutenak torturatzen dituzten horiei. Ebanjelio hau idatzi zutenerako jazarpen makurrak jasan zituzten orduko kristauek, eta haiek baino lehenago Jesusek. Ankerkeriaren katea gaurdaino heltzen da. Inork ez du isuri hainbeste odol Gizateriaren alde kristauek baino.

Beste puntu bat gelditzen zaigu. Ebanjelio hau Joserena da, Lukasek egindakoa Mariarena den bezala. Eta esaten digu errege magoek amarekin aurkitu zutela Haurra. Harritzekoa. Beraz, nahiz eta baztertu egiten dugun Jesusengana Mariaren BIDEZ esaera, bitartekari bakarra dugulako eta ez dugulako besterik behar, arrazoi guztiarekin esan dezakegu  Jesusengana MariaREKIN, errege jakintsuek aurkitu zuten bezala.

Ebanjelio ederra, miresmen erlijiosora gonbidatzen gaituena eta bide berriak irekitzera, egokitu zaigun mundu latz honetan.

Otoitza


 

Barre egin, negar egin, gozatu

Gaur utziguzu, Jauna, barre pixka bat egiten,
zurekin eta zure aita-amekin,
lehengo eta oraingo herodes horien kate luzeari;
zure izena eta oroipena ezabatu nahi izan dute
eta zure ikasleak lurpean sartu.
Utziguzu barre egiten, zu jaiotzen ikusiz,
jazarpen bakoitzaren ondoren jaiotzen eta jaiotzen.

Utziguzu negar egiten ere,
milioika senide ditugu-eta gaur arriskuan gau eta egun,
eta zauritu, kolpatu eta hilen artean ere beste milaka,
pertsekuzio zuriak ahaztu gabe,
hiltzen ez baina arima suntsitzen dutenak,
amildegian zintzilikatuz.

Baina utziguzu gozatzen ere
gorri gorriminez jantzitako hainbeste lekukorekin,
margo guztien txinpartez eguzkitan dirdiraka:
El Salvadorko Romero artzapezpikuagandik hasi
eta Nikaraguako Barreda senar-emazteenganaino
-haiek ez zituen, ez, banatu ez jazarpenak ez heriotzak-.
Eta milaka, beste milioika, Apokalipsiko martiriekin abesten dutenak:

Eskerrak zuri, Jaungoiko Ahalguztidun horri,
iritsi baita zure zerbitzariei saria emateko garaia
eta lurra hondatu zutenak hondatzekoa.
Haiek garaitu zituzten beren lekukotasunaz.
Poztu zaitezte, bada, zeruak, eta bertako dendetan bizi zareten guztiak.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s