“BAKERAKO ETA BIZIKIDETZARAKO URRATSAK” [deialdia]

“BAKERAKO ETA BIZIKIDETZARAKO URRATSAK
Bakearen aldeko Topaketa Arantzazun
2011ko azaroaren 26a

Agur, lagun! “Eutsi Berrituz” kristau taldeak gonbidapen bat luzatu nahi dizu Abendualdiaren hasiera gertu dugun honetan: bakearen aldeko topaketa antolatzen ari gara Arantzazun azaroaren 26rako. Ondoko lerroetan duzu honi buruzko argibide gehiago. Eskerrik asko zure arretagatik.

Bakea gure herriaren lehentasun izan da eta da. Gipuzkoako Elizak beti bat egin izan du bake-irrika asetzeko gogoarekin. Gure Elizbarrutiak eten gabe egin du otoitz eta bultzatu ditu baketzearen aldeko balioak. “Eutsi Berrituz” taldea bat dator Eliza Ebanjelioaren zerbitzura” agiriaren irizpideekin: “adiskidetzearen eta bizikidetza baketsuaren alde otoitz egin, hezi eta lan egitea” ditu bere eginkizun eta helburua, “herri hau baketzeko zerbitzu bikoitza eskaintzea: eskubide indibidualen eta kolektiboen defentsa eraginkorra, eta gatazkak konpontzeko bide baketsuak eragitea”.

Bakearen alde lanean: Arantzazuko Topaketa

“Eutsi Berrituz” Elizbarrutiko taldea osatzen dugun gizon-emakume laiko, erlijioso eta erlijiosa nahiz apaizok, Gipuzkoan sustraitutako kristau elkarte izanik, sinetsirik gaude funtsezkoa dugula zenbait baliotan heztea eta haztea. Hala nola, ezinbestekoak iruditzen zaizkigu bizitzeko eskubidea zaintzea eta Euskal Herriaren nortasunari eta borondate anitzari errespetua izatea; elkar eramaten ikastea eta elkarrizketari bide ematea; bakezkoak egitea, barkamen-jarrera izatea eta indarkeria jasan dutenekiko hurbiltasun sentibera edukitzea. Hemendik aurrera ere justiziazko bakea egiten lagun dezaketen ekimenen aldekoak gara eta konpromiso sendoa eragiten jarraitu nahi dugu bai kristau elkarteak bai gizarteak antolatzen dituen ekitaldietan eta gertakizunetan esku hartzeko.

Itxaropena berritu dugun honetan eta hainbeste urtetan Donostiako Elizbarrutian egindako bide beretik jo nahirik, “Eutsi Berrituz” taldeak gure Herria baketzeko urratsa egin nahi du Arantzazun Bakearen aldeko Topaketa batera deituz. Ez da Oñatitik abiatu eta Arantzazu arteko oinezko ibilaldia, baina urrats bizia eta sinbolikoa izatea nahi genuke, gure herrian sor daitezkeen beste urratsekin batera bakera eramango gaituen bidea egiteko asmoz. Hitzordua Gandiaga Topagunean izango dugu, BAKETIK zentroaren egoitzan, azaroaren 26an, goizeko 10:30etan.

Gogoeta, elkarrizketa eta otoitza

Bake zuzen eta iraunkorra nahi dugu. Lortu behar duguna da indarkeriarik berriro ez piztea gure artean eta inork ez jotzea indarkeriara gatazkak konpontzeko. Uste dugu beharrezkoa dugula jakitea zein baldintza zaindu eta landu behar ditugun. Horretarako gurekin izango dugu Jonan Fernandez, BAKETIK Zentroaren zuzendaria. Berak aletuko ditu bizikidetza berri bat eraikitzeak dituen erronkak eta funtsezko betebeharrak, herri adiskidetu batera iritsi ahal izateko. Ondoren, taldeetan elkartuko gara elkarrizketa egiteko eta gero hizlariarekin galdera-erantzunetarako tartea izango dugu. Topaketa otoitzaldi batez amaituko dugu, bake berria sinbolizatuko duen keinu bat eginez. Jainkoari eskerrak emango dizkiogu bakearen alde egin diren urratsengatik eta Jesu Kristori eskatuko diogu bere Espiritura irekitzen lagun diezagun Euskal Herriarentzat bakegile bizi eta sentibera izan gaitezen.

Izen-ematea eta autobus zerbitzua

Antolaketa errazteko, egokia litzateke topaketara joateko asmoa duten pertsonek beren izena ematea. Horretarako nahikoa da eutsiberrituz@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea, izen-abizenak emanez.

Bestetik, Arantzazu bertaraino iristeko, autobus zerbitzuak antolatzekotan gara Gipuzkoako bailara ezberdinetan. Zerbitzu hau erabiltzeko asmorik bazenu, idatzi informazio eske eutsiberrituz@gmail.com helbide elektronikora eta jarriko gara zurekin harremanetan.

TOPAKETA:“BAKERAKO ETA BIZIKIDETZARAKO URRATSAK”

Non: Arantzazu, Gandiaga Topagunea
Noiz: 2011ko azaroaren 26a, larunbata

Ordua: goizeko 10:30etatik 13:30ak arte (tartean atsedena)
Antolatzaile: “Eutsi Berrituz”, Gipuzkoako kristau taldea.
Izen-ematea: eutsiberrituz@gmail.com helbide elektronikora idatziz
Autobus zerbitzuari buruzko informazioa: eutsiberrituz@gmail.com helbide elektronikora idatziz

 Zatoz Topaketara eta zabaldu dei hau zure inguruan. Egin dezagun guztiok bakearen eta bizikidetzaren aldeko urratsa.

2011ko azaroak 10

 

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s